XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Boterearen harrokeria.

Zenbait kargu publikok galdera zehatzen aurrean botatzen dituztenak zelebrekeri bildu batean gordetzekoak lirateke, sakonean egoera nazkagarri baten adierazgarri ez balira.

Joseba Arregi bere prentsaurrekoetan erabiltzen dituen argudioak honen zantzuzkoak dira.

Botetik txupatzen ari direnez gero ikasle azkarrak bihurtu dira eta berehala ikasi dute defentsarik onena, besteren izena galtzean dagoela eta lotsarik gabe jartzen dira gure agintariak kritika lanean, beren erruaz nahasketaren itzalean aterpe bilatu nahian.

Astelehenean Jaurlaritzako antzerki laguntzak bideratzen dituenari tokatu zitzaion aurpegia emateko txanda, eta baita ondo egin ere. Zuen aurpegi gogorrarekin ez zitzaion gehiegi kostatuko.

Antzerkiaren egoera eta inguru horretan ematen diren laguntzaz, izan ziren gaiaren gunea Ezbaian saioan.

Egoerari buruz denak azkar jarri baziren ados, ez zen gauza bera gertatu arrazoiak eta irtenbideak aztertzerakoan.

Konbidatuek arlo desberdinetan aritzeak, bakoitzak akatsak aurrekoaren begian jartzea bultzatu zuen lehenengo momentutan.

Xabier Mendigurenek, zenbait lanen itzultzailea, antzeslarien hizkuntza maila ezean jartzen zuen akatsik nabariena.

Joannes Urkijok bertako idazleen lana gehiegi ez erabiltzean.

Egunero praktika ari direnek, antzerkiko benetazko muin diren antzeslariek, Pilar Rodriguez eta Lucas Dorronsorok, laguntza eta planifikazio ezan jarri zuten akatsik haundiena.

Azkenik Eusebio Larrañaga, Jaurlaritzako ordezkariak, beste guztien gainean banatu erruak.

Gaiari sarrera emateko pantomima erabili zuen Belokik bere disko monologoa baztertuz, eta egia esan antzerkiaz zen eztabaidako gaia, ez zitzaion batere gaizki gelditu, ikuslegoarengan egon daitezkeen kezka eta mesfidantza guztiak plazaratzeko bide egokia izan baitzen.

Hala ere, elkarrizketan azpian zeuden kezka guztiak ez ziren behar bezala azaldu.

Eusko Jaurlaritzaren jokaera oso gainetik ikutu zen eta honek Larrañagari antzerki taldeen maila kazkarraren aitzakia behin eta berriro erabiltzeko aukera eman zion.

Hori bai, subentzio lotsagarri bat aipatu ziotenean moralitate eta guzti azaldu zituen Gobernuaren jarrera defendatzeko, beste lekuetan korrupzio deitzen zaionari laguntza deituz, Bertan zeudenak zoritxarrez ez ziren ausartu besaulkiko tripadunari bere lekuan jartzen, bera baita diru iturriak kontrolatzen dituena eta latan sartua zenez saioa ez zen kanpoko deirik egon inkisidore berri hau gelditzeko.

Zinean amiguismo baldin bada diruaren giltza, antzerkian, Larrañagismoa izango dugu jaun eta jabe.

J.J. Iribar.